Andereak, Durangoko indarkeria matxistaren aurkako elkarteak, omenaldia egingo die feminizidioaren biktimei Andra Mari zubian euren izenekin lazoak jarriz. Ekitaldia larunbata 22an, 13:00etan, izango da. Andereak elkarteak duela urte batzuetatik hona antolatzen duen ekimen honen helburua da emakumeen eta umeen aurkako indarkeria salatzea eta gure gizartean oraindik ere presente dagoen arazo bat ikusaraztea.
Duela gutxiko datuen arabera, gizon gazteen % 23k eta zortzi neskatik batek ukatu egiten dute genero-indarkeria, “asmakizun ideologikotzat” jotzen baitute. “Datu honek egia basati bat erakusten du: patriarkatuak bizirik jarraitzen du, oraindik ere zenbaitek bere krimenak ukatzen dituztelako”, adierazi dute elkartetik. Andereak elkarteak ekitaldian parte hartzeko deia egin die herritar guztiei, eta gogorarazi du indarkeria matxistari aurre egitea erantzukizun kolektiboa dela, gai politikoa baita, eta ez pribatua.
Deialdi abolizionista A25ean
Bestalde, Andereak elkarteak deialdi abolizionista egin du azaroaren 25eko manifestazioan parte hartzeko. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Andra Maritik. Elkarteak gogorarazi duenez, prostituzioa, pornografia menderatzailea — bortitza eta misoginoa, tratu txarrak ematen dituztenen benetako eskola — eta emakumeak kosifikatzen eta esplotatzen dituzten alokairuko sabelak indarkeria matxistaren muturreko moduak dira, eskubideak urratzen dituztenak eta desberdintasunari eusten diotenak. Andereak elkarteak gogorarazi duenez, “ez dago askatasunik gorputzak erosteko; ez dago baimenik pobrezia eta ahultasuna muturrekoak direnean. Indarkeriari hautu deitzea kalteari eusten jarraitzea da”.
Elkarteak pankarten bidez ere salatuko du hori, eta bertan aldarrikatuko du mugimendu feministak egindako Prostituzio Sistemaren Lege Organiko Abolizionista (LOASP) onartzea. Arau horrek prostituzioan ari diren emakumeei ( % 80 baino gehiago, salerosketa-egoeran) esplotaziotik ateratzeko eta jasandako kaltea konpontzeko aukerak eskaintzen dizkie.
