Andereak indarkeria matxistaren aurkako elkarteak elkarretaratzea deitu du irailaren 23rako, 18:30ean, Andra Marin, sexu-esplotazioaren, prostituzioaren eta emakumeen eta neskatoen salerosketaren aurkako eguna dela eta.
Ekimena Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo den mobilizazio bateratuaren barruan kokatzen da, EHFAK euskal erakunde abolizionista feministen koordinakundeak antolatuta.
Koordinakundeak ohar batean azpimarratu duenez, prostituzioak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz aurrera egitea oztopatzeaz gain, lortu nahi dugun horizonte feministatik gero eta gehiago urruntzen gaitu. Era berean, salatu duenez, adostasunaren argudioa askotan tranpa hilgarria da, ez baitu kontuan hartzen emakume asko gorputza saltzera bultzatzen dituen egiturazko desberdintasuna, bizirik irauteko.
Manifestuak, gainera, eskariaren, esplotazioaren eta salerosketaren arteko lotura zuzenaz ohartarazi du: Puterorik gabe ez dago prostituziorik eta prostituziorik gabe ez dago salerosketarik. EHFAKek gogorarazi du, Europako datuen arabera, Espainiako Estatua dela prostituzioaren lehen kontsumitzailea Europan, eta hirugarrena mundu mailan, eta nabarmendu du gero eta handiagoa den eskari hori salerosketaren eta sexu-esplotazioaren bidez bakarrik ase daitekeela.
Emakume ahulenen abandonua eta puteroen zigorgabetasuna direla eta, EHFAKek Prostituzio Sistemaren Lege Organiko Abolizionista (LOASP) berehala onartzea eskatu du, mugimendu feministak egina eta, besteak beste, bi arazo horiei heltzen diena. Azkenik, sexu-esplotazioaren aurka agertzeko deia egin diete herritarrei, emakume eta neskatoek indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea dugulako.
