
PRENTSA-OHARRA.
Andereak indarkeria matxistaren aurkako elkarte durangarrak elkarretaratzea deitu du asteazken honetarako, irailak 23, Salerosketaren aurkako Nazioarteko Eguna, 19:30ean, Andra Marin, prostituzioaren eta salerosketaren arteko harremana salatzeko eta emakumeak eta neskatoak babestuko dituen eta sexu-esplotazioarekin irabaziak dituztenak jazarriko dituen lege abolizionista bat eskatzeko. Andereak EHFAK euskal koordinakunde abolizionistako kidea da, eta euskal hiriburuetan ere elkarretaratzeak deitu ditu.
EHFAK kalera aterako da “prostituzioaren eta salerosketaren artean dagoen harreman zuzena” salatzeko eta abolizioa aldarrikatzeko, bi esplotazio-moduak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.
Koordinakundeak ohartarazi duenez, sexu-esplotaziorako salerosketa ez da beste latitude batzuetako emakume pobretuei soilik lotutako jarduera kriminala. “Gure etxeetatik oso gertu gertatzen da, hemen bertan, Euskal Herrian”.
Kezka-iturri nagusietako bat erakundeen tutoretzapean dauden adingabeen aurkako sexu-abusuak eta sexu-esplotazioa dira. EHFAKek salatu duenez, “adingabeen aurkako sexu-indarkeria kasuak gertatu dira hiru lurraldeetan, erakundeen tutoretzapean”, eta errealitate hori ikertzea eta prebentzio- eta babes-mekanismoak indartzea eskatu du.
Koordinakundeak, halaber, Ceutako migrazio-krisian iritsitako adingabe atzerritarren egoeraz ohartarazi du. Adingabe horiek sexu-esplotaziorako erakartzeko kasuak atzeman dira, eta salatu du krisi humanitarioek bereziki zaurgarriak diren egoerak sortzen dituztela, proxeneta-sareek emakumeak eta neskatoak erakartzeko eta esplotatzeko baliatzen dituztenak.
Errealitate horren aurrean, EHFAKek “prostituzioaren eta, beraz, salerosketaren desagerpenerantz aurrera egiteko beharrezko lege-esparrua emango duen lege abolizionista” eskatzen du, emakumeak eta neskatoak babestuko dituena eta negozio honi eusten diotenak eta horretaz etekina ateratzen dutenak jazarriko dituena.
Andereak elkarteak Durangoko herritarrei elkarretaratzean parte hartzeko eta aldarrikapen honekin bat egiteko deia egin die: “Abolizioaren alde. Sexu-salerosketaren eta sexu-esplotazioaren aurka. Emakumeen eta nesken babesaren alde. LOASP LEGEA IZANGO DA!”
Kanpaina horren barruan, Durangoko elkarte durangarrak ere pankartak jarri ditu Durangoko hainbat lekutan, prostituzioaren eta salerosketaren arduradun nagusietako bat aipatuz: putazainak, sexu-esplotazio mota horiek eskatzen eta onartzen dituztenak.
